Yogurinha Borova (Eduardo Gaviña) aktorea, abeslaria,
kabaretaria, transformista eta argazkilaria da. Ibai Fresnedo, aldiz,
aktibista maritxua eta EH-ko sexu askapen mugimenduko kidea
da.
Biek proposamen multidiziplinarra egingo digute “TXORIMALO:
normalaren uxatzaile” proiektuaren bidez. Alegia, esposaketa
txikia, ikus-entzunezkoak, abestiak, performance-ak eta
eztabaidarako gunea.
Ikuskizunaren helburua, Yogurinha Borovaren ibilbide artistikoa
eta Ibai Fresnedoren ikuspegi kritikoa eta aktibista baliatuz, Drag
Kulturak izandako oparotasunari errepasoa egitea izango da. Hau
da, honek sorturiko adierazpen artistiko eta politikoen gaineko
argazki orokorra apalki egitea. Baita etorkizuneko erronkei buruz
hitz egiteko parada izatea ere.
Urriaren 20tik 23ra Bilboko Aldama Fabre Gallery aretoan izango
dira eta ikuskizunak, arratsaldeko 20:00etan hasita, ordubeteko
iraupena izango du. Hori bai, COVID-19a dela eta, egunero 15
lagunentzako tokia egongo da soilik.
IKUSKIZUNAREN ARDATZAK
Proiektuan, gure jendartean presente ditugun hainbat
elementuekin sinbolikoki lotuz, ondorengo ardatzak izango
dituzte hizpide: TXORIMALOAK, LASTOA, TXORIAK, HAZIAK eta
LURRA.
Jendarte matxistan, sexistan, LGBTfoboan, arrazistan, klasistan,
lodifoboan, eta, oro har, arauaren izenean, indarkeriazkoan bizi
baikara, non normala eta anormalaren arteko bereizketa egiten
den. Horregatik, arraroak, ezohikoak, subalternoak edota
disidenteak garenok normala den hori uxatzen dugu
egunerokoan. Horregatik txorimaloak gara!